Programak

Jarraian, Vocalia Taldeak gaur egun eskaintzen dituen programak aurkezten dira. Proposamen hauez gain, estilo eta garai desberdinetako polifonia eta folklorea uztartzen dituen programa anitz bat eskaintzen ohi du kontzertuetan, betiere a cappella, eta kontzertua zati bakarrean ala bitan banatuta.

Zenbait aukera berri planteatzen ditugu; esaterako, batasun tematiko baten inguruan osatutako kontzertuak, edo musika-instrumentuek edo hari-orkestra batek lagundutakoak.

Vocalia Taldeak taldeko partaide ez diren arren, gurekin maiz aritzen diren musikari laguntzaileen (pianoa, organoa, orkestra, arpa...) partaidetza kudeatu dezake.

 

ARIMA SAKRA

ARIMA SAKRA

Vocalia Taldearen musika proposamen berriak, ARIMA SAKRAk,emakumeen koru eta organorako hiru obra erlijioso zoragarri lotzen ditu.

Hiru piezak eliza edo katedral jakin baterako pentsatuak izan ziren, edo, bestela, egileei eragin zien inpaktuaren ondorioz sortu ziren. Mendelssohn-ek Drei Motetten op. 39 bilduma Erromako Trinitá dei Monti eliza bisitatu ondoren konposatu zuen, zerbitzu erlijiosoa ospatzen ari ziren klausurako lekaimeen kantua entzun ondoren biziki hunkiturik. Poulenc-ek Litanies à la Vierge Noire, bere lehen lan sakroa, Rocamadour-eko Notre Damen kaperan sartzeak sortu zion zirrara bortitzaren ondorioz idatzi zuen. Arnesen-ek, berriz, bere Magnificata, Nidarosko katedralean interpretatzeko pentsatu zuen, katedral gotiko borealena izaki Norvegiako monumentu historiko garrantzitsuenetakotzat jotzen den honek ikono kulturalaren estatusa lortu du.

Oscar Rodríguez Pastora organista gaztearen eta Nerea González soprano bizkaitarraren laguntzarekin, Vocalia Taldeak musika erlijiosoa bere espazioan kokatu eta proposamen musikal berri hau sortu du. Ikusi txostena


THERE IS NO ROSE, Britten, Brahms, Sarasola

THERE IS NO ROSE, Britten, Brahms, Sarasola

Programaren muina Benjamin Britten konpositore britainiarraren A Ceremony of Carols suitea da. Mesiasen etorreraren aurrean bizitzari egindako kantua da, erritmo ezberdinez, melodia xumez eta nostalgia puntu batez josia. Pieza honen bederatzi zatietan, korua eta harpa urte berriaren iritsierako alaitasunetik neguko gau hotz eta iluneraino igarotzen diren paisaiak marrazten dira, baita Satanás jainkoaren aurkako bataila ere, Jaungoikoaren jaiotza dena. Obra hasten eta ixten duen prozesio-kantu solemne batek bizi-zikloaren, betiko itzuleraren eta heriotzaren eta bizitzaren arteko orekaren metafora musikala sortzen laguntzen du.

Pieza enblematiko horri heltzean, Vocalia Taldeak gauza bakar, berri batekin osatu nahi izan zuen. Horregatik, Xabier Sarasola euskal konpositoreari proiektu honetarako espresuki idatzitako pieza bat eskatu zion, emakume abesbatza eta harparako suite bat, inspirazio gisa Brittenen obra ospetsua hartuko zuena, Sarasolak Urtats Elur deitu duen suitea.

Kontzertuaren egitaraua osatzeko, Vier Gesänge Op.17 izango da, Johannes Brahms konpositore alemaniarraren lau abestiz osatutako bilduma bikaina, emakumeen abesbatza, harpa eta bi tronparekin.

There is no Rosek, beraz, bizitzaren, ilusioaren eta itxaropenaren aldeko kantua izan nahi du. Agian metafora bat izan daiteke, tragediaren eta gaixoen azken urte hau atzean uzteko eta indarberrituta birsortzeko estimulu eta ilusio berriez beteriko etorkizun baten aurrean. Ikusi txostena


LE MUSE VENEZIANE, Vivaldi, Hasse, Galuppi, Porpora

LE MUSE VENEZIANE, Vivaldi, Hasse, Galuppi, Porpora

Antonio Vivaldiren Gloria ospetsua da programa honen ardatz egituratzailea. Mundu osoko abesbatza mistoek maiz interpretatzen duten obra den arren, berriki egindako ikerketen arabera, haren lehen bertsioa ahots femeninoetarako idatzia izan zen XVIII. mendearen lehen erdian. Zehazki, Ospedale della Pietà de Veneziako neskato eta gazteentzat konposatu zuen Vivaldik, garai hartan kantu eta biolin irakasle gisa jardun baitzuen bertan. Proposamen musikal hau Vivaldiren egile garaikideen hiru motetekin osatu dugu, guztiak Ospedalietan irakasle eta konpositore gisa ibilitakoenak. Le muse veneziane emakumezkoen abesbatzentzako konposizioaren urrezko garai haren erakusgarri da, izan ere, konpositoreen artean lehia handia baitzegoen kalitate eta birtuosismo maila altuenak lortzeko. Ikusi txostena


IN MULIERIBUS

IN MULIERIBUS

In mulieribus egitaraua, emakumeek eta emakumeentzako idatzitako musika korala da. Konplexutasun eta neurri handiko musika lanen aukeraketa bat aurkezten du, gaur egun nazioarteko panoraman garrantzi handiko lau konpositorek osatuta. Emanaldia, Cecilia McDowald egile britaniarraren Ave Mariarekin irekitzen da. Motete eder bat da, emakumeen abesbatzerako a capella kantatzeko, non disonantziaren erabilera ausarta eta talka armonikoak nabarmentzen diren. Sarah Quartelen musikagile kanadarraren Sanctumekin jarraitzen du. Requiemeko testu desberdinak jasotzen dituen lau ataleko lan bat da; kanadar mendebaldeko kostako paisaiako lau elementuri eskeinia: ura, mendiak, haizea eta zerua. Eva Ugalde musikagile euskaldunaren Stabat Mater, egitarau honetarako espresuki idatzia da. Emakumeen abesbatzerako, pianoa eta eskusoinurako egina; latinezko testuaz gain, egileak berak, amatasunaren inguruko testu batzuk sartzen ditu euskaraz. In Mulieribus egitarauak, Laura Jekobsone letoniarraren Folk Mass lanarekin amaitzen du. Latinezko mezako egitura duen pieza da, baina hasieratik nazioarteko folklorearen kolore, doinu, erritmo eta giro ugari gogorarazten ditu. Sei ahotseko korurako pieza da a capella, ahots-eskakizun handikoa eta hedadura handikoa, baina oso atsegina, gertukoa eta publikoarentzat dibertigarria. Txostena deskargatu


LUMEN DE LUMINE

LUMEN DE LUMINE

Lumen de Lumine programak emakumeen abesbatzarako eta pianorako musika erlijioso garaikidearen sorta hautatua aurkezten du. Izenburuak erromatar mezaren ohikoaren Sinesten dut edo Kredoaren bertso bat aipatzen du, “argi guzien argi” gisa itzuli daitekeena, eta distira eta argia planteatzen ditu programaren hari eroaletzat. Oso berezko dute ezaugarri hori emakume helduen abesbatzek: gizonezkoen ahots graberik gabeak direlarik, emakumeentzako konposizioek bestelako tinbre-proposamen eta –kualitate batzuk ikertzen dituzte, muturrera eramanez ahots-tesiturak eta abesbatzaren aukera teknikoa. Programak errepertorio sakroko latindar tradiziotik edaten badu ere, ateak irekitzen dizkie hiru kontinentetako musikagile garaikideei, Francisco Ibáñez-Iribarria arabarrari, György Orbán errumaniarrari, Tokuhide Niimi eta Kentaro Sato japoniarrei, edo Gwyneth Walker estatubatuarrari. Txostena deskargatu


MISSAE

MISSAE

Programa honen zenbait konbinazio eskaini daitezke, asko direlako VocaliaTaldeak azken urteetan interpretatu dituen emakumeen abesbatzarako idatzitako mezak. Horien adibide dira, besteak beste, György Orbán errumaniarraren Mass Nº 6 emakumeen abesbatza eta pianorako, Miklós Kocsár hungariarraren Missa in A, Bob Chilcotto britainiarraren Little Jazz Mass combo eta emakumeen abesbatzarako, eta Carl Bertil Agnestig suediarraren Missa in Discantu.

ANDRA

ANDRA

Musika-proposamen oso interesgarri eta berezi honek emakumeen abesbatzentzako garai, estilo eta jatorri oso desberdineko emakumeek sortutako lanak biltzen ditu, Amy Beach eta Gwyneth Walker estatubatuarrena, esterako, eta baita Junkal Guerrero eta Eva Ugalde euskaldunenak ere. Programa Sarah Quartel kanadar konpositorearen Snow Angel suite zoragarriaren inguruan egituratzen da.

STÄNDCHEN, Rossini, Shubert, Mendelssohn, Brahms

STÄNDCHEN, Rossini, Shubert, Mendelssohn, Brahms

Burgesiaren eta sozietate koralen loraldiaren eskutik, XIX. mendeko egile handiek emakumeen abesbatza deskubritu zuten, sentimendu eta grinak adierazteko, eta garaiko poetek sortutako testu ederrenei musikaz janzteko aukera paregabe gisa. Programa honek garaiko maisu-lan batzuk biltzen ditu, esaterako G. Rossiniren Tre cori religiosi, F. Mendelssohnen Drei Motetten Op. 39 ospetsua, eta Franz Schubertek ahots bakarlari, piano eta emakumeen abesbatzarentzat idatzitako Serenata paregabea.

SICUT DOLOR MEUS, Pergolesi-Cooper

SICUT DOLOR MEUS, Pergolesi-Cooper

Proposamen hau emakumeen abesbatzentzat inoiz idatzitako lan esanguratsuen eta munduan ezagunenetako baten inguruan sortu da: G. Pergolesiren Stabat Mater ederraren inguruan. 1736an idatzi zuen egilean, bere bizitzako azken asteetan, tuberkulosiak jota Napoliko frantziskotarren monasterio batera erretiratu zelarik. Jatorriz ahots bakarlarientzat eta talde instrumental txiki batentzat idatzi zuen arren, lan benetan eder eta dramatismo handiko hau egokitua izan da gero, halako moduan non oso uztardura eta aldaketa-joko interesgarria lortu zen bakarlarientzako eta abesbatzarentzako zatien artean. Programa honetan aurrez aurre jarriko dugu 2009an Jacob Cooper estatubatuarrak idatzi zuen lan homonimoarekin; azken hau lehenaren defragmentazioa da, non jatorrizko talde instrumentalari grabazio elektroakustiko bat gehitu dion, hein batean italiarraren testura eta talka harmonikoak gogoratuz, baina aldi berean itxura abangoardista eta benetan garaikidea emanez.

MARIA MATER

MARIA MATER

Andre Mariari garai eta estilo desberdinetan eskainitako motete eta salmoen sorta hautatua biltzen da programa honetan, dela emakumeen abesbatzak a cappella abestuta, dela piano edo/eta organoak lagunduta. Piezen hautaketa lekuaren edo iraupenaren arabera egokitu daiteke, tartean dugularik XIX. Mendeko egileen musika (J. Brahms, F. Mendelssohn, G. Holst…), XX.ekoena (P. Kostiainen, G. Orbán, E. Podgaits, M. Kocsár…) eta baita XXI.ekoena (D. Andreo, X. Sarasola…). Vocalia Taldeak disko bat grabatu zuen izen berarekin 2015ean, eta zuzenean aurkeztu izan du proiektua Euskal Herrian, Segovian eta Parisen.