2000. urtean sortu zen Vocalia Taldea emakume abesbatza, egungo zuzendari Basilio Astulezen ekimenez. Vocalia Taldeak bidea ematen die Euskal Herriko zenbait musikari gazteren erronka eta kezkei. Taldearen asmoa ahots-talde egonkor eta –musika eta ahots aldetik exijentzia-maila handikoak direlako– ohiko programazioetan nekez entzun daitekeen errepertorio bati ekin diezaiokeen ahots-talde bat sortzea da.
Gaur egun, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Errioxako bataz besteko 35 abeslarik osatzen dute Vocalia Taldea, den-denak eskarmentu handikoak abesbatza-musikaren alorrean. Programazio ausartak eta eszenaratze zainduak bitarte, taldea erreferente bihurtu da egungo musika koralaren munduan.
Vocalia Taldeak a cappella musika jorratzen du batez ere, Euskal Herrikoa zein nazioartekoa, eta garai klasikoetatik hasi eta musika garaikideraino. Horrez gain, XX. eta XXI. mendeetako errepertorioen ikerlan sakona egiten du, eta musika-lan sortu berriekin aberasten du bere errepertorioa, abangoardiako konpositoreen ekarpenak lagun; horrek guztiak adierazpen-ahalmena areagotzeko eta berrikuntzari ateak irekitzeko aukera ematen dio taldeari. Konpromiso horri jarraiki, Vocalia Taldeak mundu zabaleko egileei eskatutako hamar bat lan estreinatu ditu, eta lanean dihardu sortzaile ugarirekin.
Hasieratik beretik, Vocalia Taldeak gonbidapen aunitz jaso izan ditu Espainiako eta Europako (Italia, Frantzia, Irlanda, Belgika...) abesbatza-jaialdi ugaritan parte hartzeko. Kritikak txalotu egin du ibilbidean ezaugarri nagusi kalitatea, orijinaltasuna eta berrikuntza dituen taldearen jarduna.
Taldea zenbait orkestra, bakarlari eta kultur erakunderekin batera aritu izan da sarritan, eta hogei saritik gora jaso izan ditu nazioarteko lehiaketetan. 2019ko azaroan, bost kontzertuko bira bat egin zuen Juanjo Mena zuzendariaren gidaritzapean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta abonamendu-programaren barruan.